IRUÑA-VELEIAKO AUZIA / THE VELEIA CASE / EL ASUNTO

1. IZENA

Iruña-Veleia esaten zaio Veleia izeneko hiri erromatarra egondako lekuari. Hiri honi Velia, Velegia edo Belegia ere deitzen zaio antzinako zenbait aipamenetan. Hiria ia guztiz abandonatu zen K.o. VI. mendearen inguruan, eta IX. mendeaz geroztiko iturri guztiek, ahozko zein idatzizko, Iruña edo Iruña Oka deitzen diote lekuari.

Gure ustez, Iruña (“ziutatea” orduko euskaran) zen leku horretan kokatuta zegoen Brontze Amaiera/Burdinaro garaiko herri indigena handiaren izena erromatarrak etorri aurretik. Lekua erromatarren menpe geratu eta hiri berria eraiki zenean, Veleia izenaz birbataiatu zuten nonbait, Italiako iparraldean, Piacenzatik gertu dagoen jatorri ligureko oppidum baten izena emanez. Hiria utzi zenean, ahoz aho transmitituriko jatorrizko izena geratu zen bakarrik. Gauza berdina pasatu da Irun-Oiasso eta Iruña-Pompaelo-rekin (Pamplona), nahiz eta azkeneko honetan izen biek iraun duten gaur arte.

Adituek zalantzak zituzten gaur eguneko Iruña eta erromatarren garaiko Veleia leku bera zela erabakitzeko orduan, baina joan den mendean argitu zen arazoa, antzinako testu eta mapak sakon aztertu zirenean.

Iruña-Veleia da gaur eguneko izen ofiziala, nahiz eta badiren Iruña soilik edo Veleia soilik esaten diotenak.

2. LEKUA

Gasteiztik 10 km ingurura dago Iruña-Veleia, hego-mendebaldera, leku ikusgarrian, Zadorra ibaiaren meandro batean. Aldapa luze eta leunean eraikia, bere punturik garaienak, Arkizeko espoloiak, 70 metroko altuera du ibaiaren bihurgunearen gainean.

Arabako lautadaren hegoaldeko sarreran kokatuta dago, leku estrategikoan, Ebroko haranetik Kantauri isurialderako igaro-lekuan, Iberiako penintsula eta Europako kontinentea lotzen duen bidean. Handik pasatzen zen erromatarren garaian Asturica Augusta (Astorga) - Burdigala (Burdeos) galtzada erromatarra.

3. HIRIA

Esan dugun bezala, bazen leku horretan hiri indigena bat Brontze Erdi/Amaiera ezkero (800 bat urte K.a.). Gutxi industu den arren, haren aztarnak aurkitu dira bai goialdean, Arkizko espoloiaren gunean, bai harresi barruko geruza sakonenetan, eta baita hegoaldera jotzen duten beheko lurretan ere.

Badakigu erromatarrek K.a. 40-30 ezkero kontrolatzen zutela lurraldea eta K.o. I. mendearen lehen partean hasi zirela hiri berria eraikitzen. Hiriaren loraldirik handiena lehen mendearen bukaeratik hirugarren mendearen hasiera arte gertatu zen. Hiriak 80 bat hektarea okupatzen zituen eta milaka biztanle zituen.

III. mendean erromatar inperioak krisi sakona jasan zuen (ekonomikoa, politikoa, militarra), hiriei gogor eragin ziena. Bat baino gehiago desagertu zen. Iruña-Veleia berregituratu egin zen, inguratzen zuen 1.200 m-ko harresi handi bat eraikiz. Oraindik 9 m-ko altura eta 4 edo 5 m-ko lodiera duten hormak kontserbatzen dira zenbait lekutan. Jendea bizi zen gunea 10 bat hektareara murriztu zen.

Hiriak bizirik jarraitu zuen IV. eta V. mendeetan, eta husten hasi zen VI.ean. Harrezkeroko aztarna dokumental eta arkeologiko gutxi aurkitu da. Uste da, zenbait aipamen sinistera, gotzaindegi bat egon zela Iruñan IX. mende aldera, baina ez dago froga zehatzik. Badakigu XIV. mendean bazela San Juanen Ordenako Priorato bat Iruñan, eta eraikin horren hondakinak XIX. mendera arte iraun zutela.

Hiri zaharraren orubea ia batere eraikuntzarik gabe heldu da gaurko egunera, soroz, zelaiz eta sastrakadiz estalita.

4. AZTARNATEGIA

Suerte handia izan dugu ez delako hiri zaharraren orubearen gainean ia batere eraiki. Ia ukitu gabeko aztarnategi baten aurrean gaude, 1.500 bat urte inguruan bizi izan zen bertan jendea, Bontze Erdi/Amaieran (800 bat urte K.a.) sortu, Burdinaroan jarraitu, erromatar garaian loraldia izan eta VI. mendean ia guztiz desagertu baitzen hiria.

Esan daiteke “betidanik” jakin duela jendeak Iruñan bazela hiri erromatar bat. Hala eta guztiz ere, nahiz eta XVI. mendeko agirietan jada aipamenak agertu, aztarnategian egin diren lanak oso gutxi eta noizbehinkakoak izan dira duela gutxira arte.

Orain arte industutako azalera oso txikia da proportzioan (%5era ez da heltzen). Teknika aurreratuak erabiliz zerutik ateratako argazkiek erakusten dute eraikitako gune handiak egon daitezkeela lurpean, eraikuntza pribatuak zein publikoak, termak, adibidez, edo eta teatro bat.
Aztarnategiaren posibilitateak izugarriak dira. Hau oso garbi geratu zen harresien kanpoan egindako zundaketa-kanpaina ezberdinetan. Ia 300 zundaketa egin ziren, eta oso ongi kontserbatutako sekuentzia estratigrafikoak agertu ziren, bi metro lodi edo gehiagokoak ere bai zenbait.

5. INDUSKETAK

-1866an, Florencio Janer-ek, Arabako Monumentuen Batzordekoak, idatziz jasota geratu diren lehenengo “explorazioak” burutu zituen.
-1900 inguruan, Jaime de Verástegui apaiz eruditoak zenbait indusketa egin zituen harresi barruaren iparraldean, jatorriz tenplua izan eta gero harresia egiteko aprobetxatutako eraikin bat, adibidez..
1949-1954 bitartean Gratiniano Nieto Gallok hainbat gune industu zituen harresi barruan zein harresi aurrean.
1974-75 artean, Juan Carlos Elorza Guineak kanpaina bat burutu zuen harresiko ate nagusiaren ondoan.
-1994an Eliseo Gilek eta Idoia Filloyk hartu zuten aztarnategia industeko ardura. 2001era arte udako kanpainak burutu zituzten. 2001ean, Lurmen SL Enpresako kide gisa, “Iruña-Veleia III. Milaurtekoa Proiektua” delakoaren barruan 10 urteko hitzarmena izenpetu zuten Euskotren enpresa publikoarekin, zein bitan banatu zen geroxeago, Eusko Trenbide Sarea sortu zenean, eta biak izango dira harrezkero babesleak.
-2002tik aurrera, eta 2008an aztarnategia itxi zen arte, hamar bat laguneko talde batek egingo du lan dedikazio osoz proiektuan, udako kanpainetan dozenaka lagun bilduko zaiolarik taldeari.
-Honekin batera, eta hainbat erakunderekin elkar hartuta, birgaitutako egitura arkitektonikoak sendotu ziren (Verástegui, Nieto eta abarren garaikoak zein oraingoak).
-Aldi berean, aztarnategia zabalik egon zen jendearentzat, bisita gidatuak, haurrentzako lantegiak, Ludi Veleienses izeneko joko erromatarrak etab. antolatu zirelarik. 2007an 35.000 bisita jaso zituen.

6. “EZOHIKO GRAFITOEN” AURKIKUNTZA

2005 eta 2006ko ekitaldietan gertatu ziren bereziki “ezohiko grafito” deituen aurkikuntzak. Harresi barruko 5. eta 6. sektoreetan bereziki, baina baita aztarnategiko beste 10 lekutan ere, harresien barruan zein kanpoan. Ehundaka grafito agertu ziren (ostraka ere deituak). Asko ezohikotzat jo ziren, beren gaia, ikonografia, hizkuntza eta abar zela medio.

2006ko ekainean aurkikuntzen berri eman zen prentsaurreko bidez. Prentsaurrekoan, beste batzuen artean, Juan Santosek (EHU-UPVko katedratikoa, Epigrafian aditua eta indusketa-taldearen asesorea) eta Eliseo Gilek, aztarnategiko zuzendariak, hartu zuten parte. Handik aste betera beste grafito multzo baten berri eman zen; oraingoan euskarazkoak zeuden tartean. Egun horretan Hendrike Knörr eta Joaquín Gorrochategui euskal hizkuntzalariek lagundu zioten Eliseo Gili. Berriak oihartzun handia izan zuen hedabideetan eta pozez jaso zen.

Une horretara arte, piezak ezagutzen zituen inork ez zuen zalantzan jarri aurkikuntzak benetakoak zirela.

7. MATERIALAK

400 bat grafito dira, zeramika gainean eginak gehienak, nahiz eta ez diren gutxi hezurrean grabatuak (40 bat), adreiluan eta beiran. Arkeologoek II.-V. mendeen artean datatu dituzte, nahiz eta gehienak III.-IV.ekoak direla uste.

-Grafito batzuek marrazkia dute soilik, beste batzuek marrazkia eta testua, eta beste batzuek testua soilik.
-Askok latinezko testua dute eta mundu greko-erromatarra islatzen dute: pertsonen, jainkoen, enperadoreen eta intelektualen izenak, latinezko esaerak eta abar.
-Kristau gaikoak ugari dira eta RIP jartzen omen duen kalbarioa da eztabaidatuenetakoa; hurbiletik begiratuta hiru marra direla ikusten da.
-Hieroglifiko egiptoar dekoratibo banaka batzuk daude, eta Egipto zaharreko pertsonaia, jainko eta hirien izen zenbait, alfabeto latinoan idatzita.
-Alfabeto greziarrean idatzitako hitz banaka batzuk.
Euskarazko hitzak eta esaldiak dituzten ostraka ugari (50etik gora), gai kristaukoak zein bestelakoak.
-Marrazkidunek eguneroko bizitza islatzen dute batzuek: erretratuak, pertsonen eta abereen irudiak, paisaiak, etab. Erlijio gaiak ere bai, gurutzeak eta abar.

8. ADITUEN BATZORDEA

Aurkezpen publikoak egin eta denbora gutxira sortu ziren aurreneko zalantzak. Joaquín Gorrochategui, hizkuntza indoeuroparretako EHU/UPVeko katedratikoa, euskarazko grafitoak iragarri ziren prentsaurrekoan parte hartu zuena, ortografia eta gramatika akatsak eta era guztietako anakronismoak ikusten hasi zen latinezko ostraketan zein euskarazkoetan.

Esku ezkutuak jardun zuten grafito eztabaidagarrien argazkiak interneteko foroetara filtratzen, eta zaletu eta aditu mordo batek iritzia eman zuten haien gainean. Susmoa dugu Batzordeko zenbait kidek etengabe parte hartu dutela foroetan ezizenak erabiliz. Forozaleen multzo handiena faltsutasunaren aldera lerratu zen azkar samar, eta artean 10 edo 15 ostrakaren argazkiak baino ezagutzen ez zirenean, eztabaida guneetako iritzia oso makurtuta zegoen alde batera.

2007ko udan Eusko Alkartasuneko Lorena Lopez de Lacallek hartu zuen Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailaren ardura. 2008ko hasieran, Diputazioak adituen “Batzorde Zientifiko Laguntzailea” izendatzen du; indusketa-taldea asesoratzea da teorian bere eginkizuna, baina aurkikuntzen benetakotasunaren edo faltsutasunaren gaineko erabakia hartzeko erabiliko da praktikan. 13 kidek osatzen dute, horietako 9 EHU-UPVko irakasleak (filologoak, arkeologoak, epigrafistak…), 3 Foru Aldundiko funtzionarioak, eta Eliseo Gil.

Gogora ekarri beharra dago grafito guztiak faltsutzat jotzen zituen 444 Foru-aginduko erabakia hartu zenean, txosten bakarra zegoela entregatuta Diputazioan. Sarrera-agirietan ikusten denez, besteak poliki-poliki heldu ziren; Nuñez eta Volpe irakasleena, esate baterako, 2008ko abenduaren 4an sartu zen. Inoiz ez dira existitu Foru-aginduan aipatzen diren Batzordearen Ondorioak. Ondorioak foru-teknikari batek atera zituen, Felix Lopez jaunak, oraindik txostenak, bat kenduta, bukatu gabe zeudenean. Eta foru-agindu horrek erabaki zuen grafitoak faltsuak direla.

9. ARABAKO FORU ALDUNDIAK FALTSUTZAT JOTZEN DITU AURKIKUNTZAK ETA ITXI EGITEN DU AZTARNATEGIA

Horrela, 2008ko azaroaren 19ko goizeko hamarretan hasi zen bosgarrena eta azkena izango zen Adituen Batzordeko bilera. Bertan, batzordeko arkeologo, filologo eta epigrafistek grafitoen faltsutasunaren aldeko beren iritzia adierazi zuten modu batera edo bestera. 14:30etan amaitu zen bilera, eta berehala eman zitzaion eskura Eliseo Gili 444/2009 Foru-agindua, aurrez idatzita zegoena, bistan denez. Haren bidez, oraindik bukatu gabe dauden txosten batzuen ustezko unanimitatea eta sekula idatzi ez diren Batzordearen Ondorioetan oinarrituta, ofizialki faltsutzat jo ziren aurkikuntzak, Iruña-Veleia industeko baimena kendu zitzaion Lurmen SL Enpresari, eta itxi egin zen aztarnategia.

Arratsaldeko 16:30etan deituta daude Arabako Batzar Nagusiak eta bertara doaz Kultura Diputatua eta batzordeko zenbait kide. Agerraldi horretatik berariaz baztertu zituzten Eliseo Gil, indusketen zuzendaria, eta Amelia Baldeón, artean Arabako Arkeologia Museoko Zuzendaria zena. Batzordekideek beren ondorioak azaldu zituzten agerraldi horretan.

Ondoren, prentsaurrekoa eman zuten batzordekide batzuek, eta erabakiaren arrazoiak plazaratu. Emandako faltsutasun frogen artean, harridura sortu zuten batzordeko kimikari Madariaga irakaslearen azalpenek. Nahiz eta bere txostena irakurrita garbi ikus daitekeen ez zuela faltsutasun froga bakar bat ere aurkitu, prentsaurrekoan esan zuen pieza batean manipulazioa antzeman zuela, bi zati kolaz itsatsita zeudela jabetu zelako!! Gainera esan zuen pieza horrek DESCARTES ipintzen duela, XVII. mendeko filosofo frantziar baten izena. Esan beharrik ez dago arkeologian kolaz itsasten direla beti hautsitako zatiak eta pieza horretan ez duela Descartes jartzen, MISCART edo antzeko zerbait baizik.

Notiziak egundoko oihartzuna izan zuen komunikabideetan eta atsekabe handia sortu zuen iritzi publikoan. Handik bi egunera, Eliseo Gilek piezen benetakotasuna defendatu zuen prentsaurreko bidez. Baina hala eta guztiz ere, iritzi publikoak, “faltsutasun froga argi eta eztabaidaezinen” eraginpean, ontzat eman zuen bertsio ofiziala. Kasua betiko itxita geratu zela zirudien. Handik egun gutxira, Kultura Diputatuak iragarri zuen fiskalaren esku utziko zuela dokumentazio guztia, nabarmena zen delitua iker dezan.

10. TXOSTENAK ETA ARGAZKIAK ARGITARATZEN DIRA

2009ko urtarrilaren 14an, Arabako Foru Aldundiak bere www.alava.net webgunean argitaratu zituen ordura arte gaiari buruz egindako txostenak, ostraken argazkiekin eta Batzordearen bileretako aktekin batera. Esan beharra dago egun horretara arte, nahiz eta erabaki ikaragarriak hartuta eta milaka orrialde idatzita egon, ez zela ezagutzen Batzordearen txosten oso bakar bat ere, eta hedabideek argitaratutako ostraken argazkiak ez zirela hogeitik pasatzen.

Txostenak: Foru Aldundiak bere 444/2009 Foru-aginduan esaten du “unanimitate zientifikoa” dagoela faltsutasunaren inguruan, eta komunikabideek askotan errepikatu dute “adituen 26 txostenek” diotela grafitoak faltsuak direla. Ez da egia inondik ere. Goian aipaturiko webgunea begiratzen badugu, hogeita hamar bat txosten aurkituko ditugu, batzuk Foru Aldundiak eskatutakoak eta indusketa-taldeak beste batzuk. Eta arretaz irakurtzen baditugu, jabetuko gara 9 edo 10 direla bakarrik faltsutasunaren aldekoak edo esandako garaikoak ezin direla izan diotenak: Arkeologia metodoaz ari den Azkarate eta beste hiru kideena, Ikonografiaz ari den Nuñez-Volperena, Filologiaz ari diren Gorrochateguirena eta Lakarrarena, eta Paleografiaz eta Epigrafiaz ari diren Santos-Cipresena eta Isabel Velazquezena. Eta, neurri handi batean, hebraieraz ari den Trebollé-rena eta gai egiptoarrez ari den Galán-ena. Beste guztiak, edota ontzat ematen dituzte piezak, edo deskriptiboak dira, edo eta ez dute ezer esaten benetakotasunaz edo faltsutasunaz.

Zentzu honetan esan beharra dago grafitoen edukiari buruzko txostenek grafitoak erromatarren garaian eginak izateko posibilitateaz edo posibilitate ezaz mintza zitezkeela bakarrik, baina ezin dutela frogatu faltsifikaziorik egon den ala ez, eta gutxiago faltsifikazio hori gaur egunekoa dela. Gaur eguneko faltsifikazioa dela frogatu zezakeen gauza bakarra azterketa analitikoa izango zen. Baina Madariaga, batzordeko kimikaria, 9 pieza bakarrik aztertuta gero, ondorio honetara heltzen da: “Ematen du aztertutako piezak edo lurperatuta egon direla, edo azkar zahartzeko prozesu bat jasan dutela”. Hemendik ateratzen den ondorioa garbia da: Madariagak ez duela aurkitu faltsuak direla esateko ebidentzia kimikorik, ez baitu inolako frogarik eskaintzen “azkar zahartzeko prozesu bat” jasan dutela esateko. Nolanahi ere, ondorio honetara heltzen da: “Kimikaren ikuspuntutik ezin da baieztatu ez piezak benetakoak direnik eta ezta faltsuak direnik ere”.
Argazkiak: 600etik gora, nahasi samar ipiniak aipaturiko webgunean. Garbi dago zenbait falta dela, txostenetan aipaturiko batzuk ez baitira agertzen.

11. EZTABAIDA BERPIZTEN DA

Nahiz eta bazirudien prentsak bukatutzat eman zuela gaia, eztabaida berpiztu zen interneten txostenak eta argazkiak argitaratu zirenean. Koenraad Van den Driessche geologo belgikarrak zalantzan jarri zuen Madariagaren txosten kimikoa Terraeantiquae eztabaidagunean, eta ostraka.mundua.com blogak jarraipen zehatza egin zion gaiari, eta benetakotasunaren aldeko jarrera hartu zuen. Juan Martin Elexpuru euskal filologoak artikulu bat idatzi zuen Berria egunkarian 2009ko otsailaren hasieran, "Iruña-Veleia, seguru zaudete?" izenburuarekin, interneten eskegitako testu-azterketa labur batez lagunduta, non eztabaidatzen ziren Lakarra eta Gorrochategui irakasleek erabilitako argudioak. Aipatuko bi filologoek elkarrizketa baten bidez erantzun zuten Berrian (martxoak 6), elkarrizketatuen esaldi bat titularra zuena: Gu seguru gaude. Hona hemen auzian pertsonaia klabeak diren bi filologoek elkarrizketan esandako zenbait gauza, gure ustez primeran laburbiltzen dutenak arazoaren muina: “Oraindik batzuk ari dira ea piezak benetakoak izan daitezkeen galdezka . Froga gehiago egin behar direla laborategian, patina zehazteko. Baina hori hasieratik bide txarra hartzea da. Zer da auzitan dagoena? Testuak. Testuen gainean zeinek esan behar du esan beharrekoa? Filologoek. Eta filologoek diotena onartu behar da. Aukera dago batzuk benetakoak izateko? Euskarazkoak, ez, eta latinezkoak ere ez.”

Martxoan, Gasteizko Geu aldizkariaren 193. alean, Eliseo Gil eta Idoia Filloyk sinatutako "Euskal Ostraka" artikulua argitaratu zen, euskal ostraken argazki eta transkripzioekin; www.veleia.com orrian ere eskegiko da, euskaraz eta erdaraz.

Euskararen Jatorriak lehen hitzaldi bat antolatu zuen Donostian Van den Driessche eta Elexpururekin otsailaren 23an, eta bigarren bat Langraitzen, maiatzaren 23an, aipaturiko biekin eta Gil eta Filloyrekin. Bartzelonako Euskal Etxean Gorrochategui, Van den Driessche eta Velaza epigrafista mintzatu ziren martxoaren 19an. Hitzaldi gehiago ere egiten dira, eta Gasteizko Goiuri/Villa Suso jauregikoa izango da jendetsuena: 300 bat lagunen aurrean, Idoia Filloy eta Eliseo Gil arkeologoek, Koenraad Van den Driessche geologoak eta Juan Martin Elexpuru filologoak grafitoen benetakotasunaren aldeko argudioak plazaratu zituzten.

Aldi berean, benetakotasunaren aldeko bi txosten argitaratuko dira interneten: maiatzean, Comentarios y objeciones a los informes de los profesores Gorrochategui y Lakarra sobre los grafitos en euskera de Iruña-Veleia titulua duena, euskal filologian doktorea den Juan Martin Elexpururena, eta ekainean, El problema de la falsedad/autenticidad de los ostracones de Veleia: Evidencias física izenekoa, geokimikan doktorea den Koenraad Van den Driessche-rena. Ekainean baita, Xabi Otsoa de Alda Geografia eta Historian lizentziatuak iritzi-artikulu bat argitaratu zuen Diario de Noticias de Alava egunkarian auziaren analisi eta laburpen zehatza eta argia eginez eta benetakotasunaren aldeko jarrera hartuz.

12. AUZIA EPAITEGIETAN

2008ko abenduaren 5ean, AFAk fiskalaren esku jarri zuen gaiari buruzko dokumentazioa balizko delitua iker zezan. Hilabete batzuk igaro eta fiskal nagusiak deliturik salatzeko itxurarik erakusten ez zuenez gero, Foru Aldundiak ekimena hartzea erabaki zuen eta kereila ezarri zuen Lurmen SL-ko Eliseo Gil, Idoia Filloy eta Oscar Escribanoren eta enpresaren kolaboratzailea izandako Ruben Cerdánen aurka, iruzurra eta ondarearen aurkako kalteak egotziz.

Bide beretik, maiatzean, Euskotren enpresa publikoak eta Eusko Trenbide Sarea bere filialak kereila bana ezarri zuten Eliseo Gil eta Idoia Filloyren aurka, iruzurra eta irudiaren aurkako kalteak egotziz.

Aldi berean, Eliseo Gilen taldeak kereila jartzen du Lorena Lz de Lacalle Kultura Diputatuaren, Felix Lopez AFAko teknikariaren eta Julio Nuñez eta Juan Antonio Quirós arkeologoen aurka, prebarikazioa, koakzioak, irainak, egoitzan indarrez sartzea, irudiaren eta ohorearen aurkako delituak eta agirien faltsutzea egotziz. Baina auzitegiak ez zuen ezta tramitera ere onartu kereila hau. Errekurrituta dago momentu honetan.

Ekainaren 30etik eta uztailaren 3ra bitartean Eliseo Gilek eta Idoia Filloyk hiru aldiz deklaratu zuten bi epaitegi desberdinen aurrean. Garai horretan, benetakotasunaren aldeko 8 txosten zientifiko entregatu zituzten epaitegian, ondorengoak:

• “Valoración arqueológica de Iruña-Veleia”. Por el arqueólogo Dr. Edward Cecil Harris Director del Bermuda Maritime Museum.
• “Iruña-Veleia. Sobre algunos grafitos singulares aparecidos en las excavaciones arqueológicas de la ciudad romana. Un parecer”. Por el arqueólogo y epigrafista, Catedrático de Historia Antigua de la Universidad de Santiago de Compostela Dr. Antonio Rodríguez Colmenero
• “Informe sobre los ostraka con jeroglíficos egipcios y nombres egipcios escritos en latín de Iuña-Veleia”. Por la lingüista y egiptóloga Dra. Ulrike Fritz, de la Universidad Tübingen (Alemania).
• “Comentarios y objeciones a los informes de los profesores Gorrochategui y Lakarra sobre los grafitos en euskera de Iruña-Veleia”. Por el filólogo Dr. Juan Martín Elexpuru.
• “Informe sobre los motivos iconográficos presentes en los denominados grafitos de carácter excepcional del conjunto arqueológico de Iruña-Veleia”. Por la arqueóloga e historiadora Idoia Filloy Nieva.
• “Informe sobre los textos en latín de los grafitos de carácter excepcional de Iruña-Veleia”. Por la arqueóloga e historiadora Idoia Filloy Nieva
• “El problema de la falsedad/autenticidad de los ostracones de Iruña-Veleia: evidencias físicas”. Por el geólogo Dr. Koenraad Van den Driessche.
• “Informe preliminar de los restos óseos con inscripciones antrópicas procedentes de las excavaciones de Iruña-Veleia”. Por el médico paleopatólogo Dr. Joaquín Baxarías Tibau, de la Associació catalano-balear de paleopatología y de la Fundació académica de ciences médiques i de la salut de Catalunya y Balears.

Beste txosten batzuk ere bidean daudela iragarri zuten, laster entregatuko zirenak.

Txosten hauen artean garrantzi berezia du Edward Cecil Harris Doktorearenak, haren arkeologia metodo ospetsua baita arkeologia modernoaren eredu arkeologikoa.

13. AUZIAREN EGOERA 2009EKO UDAZKENAREN HASIERAN

Irailaren hasieran jakin zen 1. epaitegiko epaileak Idoia Filloy eta Eliseo Gilen aurka ETSk jarritako kereila artxibatzea erabaki zuela. Gauzak normal joatera, Euskotrenenak ere bide berbera jarraitu beharko luke, bata bestearen kopiak baitira. Baina gaur gaurkoz, urriaren hasieran, ez dago honi buruzko berririk, eta ezta bestearenik ere, Foru Aldundiak jarritakoarenik, hain zuzen.

Irailaren erdi aldera agertu zen egunkarietan, euskaraz eta erdaraz, Maritxu Goikoetxea Gasteizko zinegotzi ohiaren iritzi-artikulua, Iruña-Veleia: historias para no dormir / Iruña-Veleia: amesgaizto baten historia. Bertan, diputazioaren erabakiak arkeologoei eragindako kalte profesional, ekonomiko eta humanoez ari da.

Bestalde, Idoia Filloyk bere txosten berritua argitaratu zuen lau ataletan banatuta: Ikonografia, Latina, Onomastika eta Paleografia.

Urriaren 7an herritarren plataforma batek manifestu bat kaleratuko du Gasteizen, erakunde publikoei auzia argitzeko behar diren neurriak hartzeko eskatuz.

Urriaren 15ean Ruben Cerdán inputatutako fisikari nuklearrak deklaratu zuen epailearen aurrean.

2006an, grafitoei buruzko susmoak agertu zirenean, Arabako Foru Aldundiak aurkeztu zion fisikari hau Lurmen enpresari. Ordurako zenbait lan egina zen AFArentzat, Urizaharrako anbarraren gaian, adibidez. Patinaren jarraikortasunean oinarritutako datazio-metodo bat proposatu zuen, eta 60 bat pieza eraman zituen Frantziako CNRS laborategi batean analisiak egiteko. Handik denbora batera piezak itzuli eta txostena egin zuen. Txostenean zeramiken azalerako eta ildoetako patinaren artean jarraipena zegoela baieztatzen zuen, eta ondorioz zeramikak eta epigrafeak garai berekoak zirela. Benetakotasunaren aldeko aztarna sendotzat hartu zen. Baina 2009ko urriko deklarazioan analisien agiriak eskatu zitzaizkionean, ez zituen erakutsi. Eginak daudela esan zuen berriz ere, baina ez zuen horren frogarik aurkeztu. Epaileak argitu beharko du auzia. Urriaren 26ko prentsaurrekoan, Eliseo Gil eta Idoia Filloyk zera esan zuten: baldin eta frogatuko balitz analisiak ez zirela egin, eurak izango liratekeela lehen kaltetuak eta neurriak hartuko lituzketela.

Urriaren 26an prentsa aurrera agertu ziren Eliseo Gil eta Idoia Filloyk, lehenengoz ia azken urtebetean. Benetakotasunaren eta arkeologoen metodo arkeologikoaren egokitasunaren aldeko 13 txosten mardul aurkeztu zituzten.

14. FORU ALDUNDIAK EHU-RI EMATEN DIO AZTARNATEGIA

2009ko azaroaren 3an, Arabako Foru Aldundiak eta EHUk sinatutako hitzarmenaren berri jakin zen. Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Sailari eman zitzaion aztarnategiko lanen koordinazio-ardura hurrengo hamar urterako. Hasteko, 100.000 euro entregatu zitzaion plana idatz zezan urte bukaerarako. Idatzi besterik ez. Erdia sinatzeko momentuan eta beste erdia bukatutakoan. Hitzarmenaren hirugarren puntuak sekretua agintzen du: “Konfidentzialtasuna: alde biek hitz ematen dute komenio hau egin bitartean eta beronen kariaz lorturiko informazioak isilpean mantentzeko.”

Julio Nuñez Marcen jauna, EHUko Arkeologia saileko irakaslea, izendatu zen planaren arduradun, eta itxura guztien arabera bera izango da Iruña-Veleiako hurrengo zuzendaria. Esan beharra dago Nuñezen txostena izan zela Eliseoren taldearen aurka egindakoen artean eskasena. Nuñezek esaten du, besteak beste, "inposibleak" direla lau hankako mahaiak, marra erdian duten emakume-orrazkerak, arrain-isatseko emakume-irudiak edo eta Iruña-Veleian agertzen diren gisako eszena erotikoak. Idoia Filloyk Ikonografiari buruzko txostenean puntuz puntu erantzun eta ezeztatu zuen.

Egun berean ezagutu ziren Nuñezen talde berriko kideen izenak. Hemezortzi adituen artean Joaquin Gorrochategui irakaslea, hizkuntza indoeuroparretako katedraduna, da euskaldun bakarra. Izenen artean ez da ageri ez epigrafistarik, ez latin bulgarrean aditurik eta ezta euskal filologo edo arkeologorik.

Baina, mundu guztiaren harridurarako mezu hau jaso zen hurrengo egunean hainbat hedabidetan: “En relación con las noticias que han aparecido en el día de hoy en las que se informa del encargo de un nuevo Plan Director para el yacimiento de Iruña durante los próximos 10 años que será elaborado por la UPV a través del Departamento de Geografía, Prehistoria y Arqueología, querría señalar que se trata de una iniciativa individual del Prof. Julio Nuñez, y que los restantes miembros del Área de conocimiento hemos conocido los detalles de este convenio a través delos medios de comunicación. Fdo. Juan Antonio Quirós Castillo, Coordinador del Área de Arqueología.”

Idoia Filloyk iritzi-artikulu hunkigarri bat argitaratu zuen azaroaren 11ko Noticias de Alavan hitzarmena hizpide hartuta. Besteak beste dio akordioan aurreikusten diren lanak eginak daudela jada, eta ulertezina dela hutsetik hasten diren itxurak egiten ibiltzea.

15. ELISEO GIL OMEN DA FALTSUTZAILEA!

Azaroaren 21eko Correok titular hau zekarren: "Grafólogos apuntan a Eliseo Gil como el autor de los falsos grafitos de Veleia". Diputazioak enkargatutako lehen grafologia txostena martxokoa da, eta zera dio ondorioetan: “Debido a ello y para extremar la prudencia esta perito entiende que no puede concluir asegurando que la mano que ha realizado los grafitos de las”letrinas” haya realizado también parte o gran parte de la de los yacimientos, si bien insiste que muchas coincidencias tan peculiares así lo sugieren, pero lo que realmente puede afirmar es que es significativo y sorprendente el paralelismo, entendiendo que es excesivo para ser simplemente fruto del azar”.

Esan beharrik ez, grafologoek ez dutela inoiz horrelako lanik egin eta ez dutela ideia zorririk erromatar grafitoez, orduko grafiaz eta gaiari loturiko ezertaz.

Diputazioak ez zuen etsi faltsutasunaren aldeko txosten argiak lortu arte, diru publikoz galanki ordainduak, jakina (gutxienez 3.000 euro kostatu ohi da txosten grafologiko arrunt bat). Badirudi beste bi txosten aurkeztu berri dituela, Correoren informaziotik ondoriozta daitekeenez. Oso ongi arrazoituak omen daude, ikusi bestela beste baten pasarte hau: “las concordancias se establecen por la utilización de herramientas gráficas procedentes de una misma red neuronal y trasladadas al soporte a partir de una integración neuromuscular y de coordinación visomotora única, que no puede significar sino que ha intervenido un único motor”. Harrapa zak/n!!!

Eliseo Gilek berehala erantzun zuen idatzi baten bidez. Hona hemen zatitxo bat: “Así me caigan 500 años y un día seguiré afirmando categóricamente que creo firmemente que los hallazgos son buenos, que son posibles en le cronología propuesta por nosotros y, desde luego, que yo no he realizado ninguno de ellos. Y ya no es sólo una cuestión de presunción de inocencia lo que se debate, es una cuestión de abuso de poder y juicio público en paralelo.”

16. BENETAKOTASUNAREN ALDEKO HITZALDIAK, EKIMENAK, ARGITALPENAK ETA TXOSTENAK 2009-10EKO UDAZKEN-NEGUAN

Hamar bat hitzaldi eman ziren gaiaz hainbat herritan: Iruña, Araia, Donostia, Aretxabaleta, Zarautz, Billabona, Usurbil, Elgeta, Durango, Gasteiz… entzule ugarirekin.

Prentsa-artikuluak eta irrati-telebista elkarrizketak ere ez ziren gutxi izan. Benetakotasunaren aldeko beste hainbat artikulu agertu zen egunkari eta aldizkarietan, Dato Económico edo TU-Lankide-n, esaterako. Aipamen berezia merezi du Kike Fz de Pinedo filologo arabarraren "Iruña-Veleia, un año después" izenekoak, Herrian aldizkarian argitaratu zenak. Arabako herri-kontzejuen aldizkari hau 16.000 etxetara heltzen da.

Azaroaren 19an, aztarnategia itxitako urteurrenean, SOS-Iruña-Veleia Plataformak mahaia jarri zuen Gasteizko Andra Mari Zuriaren Plazan, eta manifestuaren aldeko sinadurak bildu eta informazio-orriak banatu zituen.

Juan Martin Elexpururen "Iruña-Veleiako euskarazko grafitoak" liburua aurkeztu zuen Arabera argitaletxeak Durangoko Azokan. Ia 200 ale saldu ziren. Plataformaren Agiriaren aldeko ia 500 sinadura bildu ziren Azokako atarian jarritako mahaian, eta milaka esku-orri banatu ziren. Ia 1.800 sinadura zeuden urte bukaerarako, arlo guztietako jendearenak. Batzuk aipatze arren: Txillardegi filologoa, Vegas Aramburu arkeologoa, Ruper Ordorika eta Mikel Urdangarin kantariak, Edorta Jimenez eta Joan Mari Irigoien idazleak, Txema Auzmendi kazetaria…

Urtarrilean entregatu zen 14. txostena epaitegian: Luis Silgo iberista ezagunarena: "Observaciones sobre los recientes hallazgos epigráficos paleovascos de Iruña-Veleia". Jean-Baptiste Orpustan ohorezko euskaltzain baxenafartarrak lagundu zion txostena egiten.
Txostenei dagokienez, argitu defentsak aurkeztu dituen 15 txostenen egileek ez dutela inolako konpentsazio ekonomikorik jaso beren langatik, eta Batzordeko txostengileek, berriz, 1.800 euro kobratu dutela bakoitzarengatik, bidaia, ostatu eta lan-jatorduez gain. (Ikus 3. Akta).

17. ANALISI FISIKO-KIMIKOEN ESKARIA POLITIKAREN MUNDUTIK

Azaroko azken plenoan Iruña Okako Udalak aho batez eskatu zuen analisi berriak egitea. Aralar alderdi politikoak ere eskaera bera egin zuen prentsaurreko bidez garai berdinean. Alderdi honek Arabako aurrekontuetan analisiak egiteko 15.000 euro izendatzea eskatu zuen zuzenketa baten bidez, baina Batzar Nagusiek atzera bota zuten eskaera, EAJ, EA, PP eta PSOEk aurka bozkatu baitzuten. Aralar eta EBk alde, eta ANV-EAE abstenitu egin zen.

18. AFA-EHU KONBENIOA EDO DENA DELAKOA AUZITAN

Otsailaren 3an agertu zen Lorena Lopez de Lacalle Diputatua AFA eta EHUren artean sinatutako Konbenioaz hitz egitera Batzar Nagusietako Kultura Batzordearen aurrean. Julio Nuñez arkeologoarekin batera joan zen eta hau bihurtu zen batzarreko protagonista: ia ordubete eman zuen berak gidatutako Plan Zuzendaria esplikatzen. Ordura arte aztarnategian egindako guztia gaizki egina zegoela azpimarratu zuen eta bera eta bere taldea Iruña-Veleia salbatzera zetozela. PSE eta Aralarreko bozeramaleek gogor kritikatu zuten Diputatuaren jarrera eta gogoratu zioten bileraren gaia ez zela Plan Zuzendaria azaltzea, haren aurreko Konbenioa baizik, inork ez baitaki ezer hari buruz. Batzarraren bukaeran Kultura Departamenduko zuzendariak “argitu” zuen ez dela “Konbenioa sinatu”, “Ikerketa Kontratua” baizik. Eta hori Lorena Lz de Lacallek denbora guztia konbenioa gora eta konbenioa behera jardun zuela. Hau idazten ari garen momentuan ez dakigu nori sinetsi eta zer pentsatu. Agerraldiaren audioa entzungai dago Interneten. Merezi du benetan.

Diputatuak ezer esan ez arren, egun horietan alanbre-hesi bat eraiki zuten aztarnategiaren barruan, balio arkeologiko handiko inguruan. Plataformaren eta Lurmeneko kideen alarmak piztu zituen honek, uste izatekoa baita zoruak kalteak jasan dituela, zulo asko eta tamaina dezentekoak egin baitira zutabeak ipintzeko. "Acerca de la valla construida en Iruña" artikulua idatzi zuen Idoia Filloyk.

Diputazioaren oskurantismoa salatu zuen Aralarrek prentsa-ohar bidez, eta konbenioa edo dena delakoa gerarazteko eskatu zuen, auzitegiak kereilei buruz erabakia hartu arte, behintzat.
Eliseo Gilek ere konbenioa indargabetzeko eskatu zuen epaitegian aurkeztutako errekurtso baten bidez.

19. ETS ETA EUSKOTREN-EN KEREILAK BETIKO ARTXIBATUTA!

Eliseo Gil eta Idoia Filloyren aurka Eusko Trenbide Sareak eta Euskotren-ek (enpresa bereko filialak) jarritako kereilak artxibatu zituzten betiko epaileek 2010eko urtarrilean eta otsailean. Beraz, hain ozen aldarrikatutako iruzur salaketa ezerezean geratu da. Epaileek ebatsi dute Lurmenek ez zuela aurkikuntzen ondoren aurretik baino diru-laguntza handiagoa jaso urteroko diru-laguntza gisa, eta beraz ez zuela egin inolako iruzurrik.

Diputazioaren kereilak jarraitzen du bakarrik indarrean. “Ondareari kalteak” egotzi nahi diete hiru pertsonari. Eta faltsifikazioa Eliseo Gili. Uste izatekoa da epailearen erabakia ez dela gehiegi luzatuko. Kereila artxibatzea edo hiru pertsona horiek prozesatzea erabaki dezake.

20. ROSLYN M FRANK-EN KONTRATXOSTEN GRAFOLOGIKOA, ETA DIPUTAZIOAREN KONTRAERASOA GRAFOLOGOAK ETA PRENTSA LAGUN HARTUTA

Roslyn M Frank Iowako Unibertsitateko Doktoreak 118 orrialdeko txosten sakona idatzi du, "Un informe sobre los peritajes grafológicos de Iruña-Veleia" izenburua duena. Diputazioaren grafologia-txostenak aztertuta gero, ondorio nagusia da asmo bakarrarekin abiatzen direla: grafitoak faltsuak direla demostratzea. Eta horretarako berdin zaie grafologiaren oinarri guztiak hankaz gora jartzea. Franken txostenak frogatzen du, besteak beste, esku bat baino gehiago jardun zela komuneko grafitoak egiten.

Azaroaren 21ean eman zuen Correok “notizia bonba”, hau da, grafologoek frogatu dutela Eliseo Gil dela faltsutzailea. Notizia berdintsua zekarren urtarrilaren 30eko Berriak, nahiz eta xehetasun berriekin: euskarazko grafitoak sakon aztertuta gero, garbi ikusten omen da esku bakarrarenak direla. Gilek iritzi-artikulu baten bidez erantzun zien Berriari eta grafologoei. Berriak elkarrizketa luzea eskaini zion handik denbora batera.

Otsailaren 24an, Franken txostena epaitegian entregatu zen ia egun berean, aterako zuten hirugarren aldiz kajoitik txosten “berria”. Beste zenbat bider ikusi behar ote dugu jokaldi berdina? Correo-k oraingo honetan berriz ere, eta pieza bakar batean oinarrituta: 11429a kolaren gainean omen dago grafitatuta. Ondorioa argi dago: Eliseo Gil iruzurgileaz gain ergela da.

Berehala erantzun zuen Gilek Interneten. Un nuevo éxito cinematográfico izeneko artikulu ironiatsu baten bidez. Koenraad Van den Driessche geologoak ere pdf bat argitaratu zuen Interneten, "Las mentiras que ventila la prensa sobre la supuesta inscripción posterior al pegado de la pieza 11429", izenaz. Bereizmen handiko argazkien bidez erakusten du gezurra dela kolaren gainetik grafitatuta dagoela pieza hori. Lurmenek bere egunean ateratako argazkietan garbi ikusten da.

Add a New Comment
or Sign in as Wikidot user
(will not be published)
- +
Unless otherwise stated, the content of this page is licensed under Creative Commons Attribution-ShareAlike 3.0 License