Maritxu Goikoetxea (Gasteizko udaleko zinegotzi ohia)
Iruña-Veleiako auziak bere alderdi zientifikoa du, batetik, eta pertsonala, bestetik. Ez naiz pertsona egokiena gai zientifikoaz jarduteko, nahiz eta nahikoa informazio dudan esateko gaur-gaurkoz ez dagoela frogatuta grafitoen faltsutasuna eta litekeena dela benetakoak izatea.
Auziaren alderdi humanora mugatuko naiz. Ez da denbora asko bi kaltetu nagusiak ezagutzen ditudala, Eliseo Gil eta Idoia Filloy aztarnategiko zuzendari ohiak. Ia beti ostraka eztabaidatuez mintzatu izan gara, gutxitan kalte pertsonalez, baina iritzi publikoak eurekin egin den izugarrikeria ezagutu behar duela pentsaturik, gauzak nola gertatu ziren kontatzeko eskatu nien.
Horrela laburtzen de Eliseo Gilek 2008ko azaroaren 19an gertaturikoa:
“Bezperan, beste lankideekin batera (35 lagun denera, egiturak sendotzen ari zirenak eta arkeologia tailerrekoak barne), ohi bezala irten ginen Lurmenek Iruña-Veleian dituen instalazioetatik. Hilabete igaro arte ezin izango nintzen berriz barrura sartu, egoera oso bestelakoan eta desatseginean.
Batzordearen bilera 10:30ak aldera hasi zen eta 14:00etan bukatu. Nire bizitzako gertaerarik negargarrienetakoa, zalantzarik gabe. Beste batzordekideak hasi ziren hizketan eta ni azkenerako geratu nintzen. Gauza asko esan ziren eta batzuek harri eta zur utzi ninduten. Une hartan ez nuen ez gaitasunik eta ez ezagutzarik filologoen eta epigrafisten argudioei erantzuteko, eta Madariaga irakaslearen azalpena ulertu ere ez nuen egin, baina oso garbi nuen Nuñez eta Quirós irakasleen baieztapenek ez zutela inolako oinarririk, eta Iruña-Veleian guk egindako lana zikintzeko zerabilten estrategia ezin desleialagoa zela; izan ere, neuk luzatutako txosten didaktiko batean oinarritzen ziren soilik. Galdetu nien ea nola esan zitzaketen horrelakoak lanen azken memoria, edo gutxienez nik une hartantxe nekarren txostena ezagutu gabe.
Baina gauzak ez ziren hor bukatu. Nire buruak ez zuen sinetsi nahi epaiketa bat jasaten ari nintzela. Diputatu andereak galdetu zidan ea zer nuen erantzuteko. Neure aztoramenduan “uste dut ez dela adierazpenak egiteko momentua” edo horrelako zerbait esatera mugatu nintzen, abokatu bat behar nuela pentsatuz, hildakoa leporatuko zidaten susmoa hartu bainuen. Bukatzeko, esan zidan bere bulegoan zeukan zerbitzu juridikoen idatzi bat (sic) jaso behar nuela eta handik pasatzeko Batzar Nagusietako agerpena baino lehen. Telefonoz deitu zidaten eta haren bulegoan agertu nintzen 15:45 aldera. 444/08 Foru-agindua zen idatzia, eta nire sententzia zekarren de facto, indusketa-baimena kautelarki eteten eta aztarnategira sartzea debekatzen baitzidaten.
Halabeharrez, Diputazioko Jauretxetik irten nintzenean lagun-talde bat aurkitu nuen kalean aurrez aurre: Lakarra, Gorrochategui, Nuñez, Madariaga eta Santos irakasleak ziren eta BNetako egoitzara zihoazen, non hainbat lore botako zidaten, hedabideek berehala handitu eta edertuko zituztenak. Ondorioak berehala igarri ziren; egun bereko ilunabarrean seguritate enpresa batek kateak jarri zituen Iruña-Veleiako sarreran eta zaintza etengabea ezarri zuen; neurri garestia kutxa publikoarentzat, eta alferrikoa eta teatrala.”
Hilabete igaro beharko zen beren gauzak jasotzera aztarnategira sartu ahal izateko. Horrela kontatzen du Idoia Filloyk goiz hartan gertatutakoa.
“Abenduaren 19a egun surrealista ahaztezin bat izango da niretzat beti. Iruñako atean bildu ginen Lurmeneko langileak, eta diputazioko jende mordo bat, miñoiak eta teknikoak. Andere funtzionario bat hasi zen aginduak ematen eta gure instalazioetara zein sar zitekeen eta zein ez esaten. Azalpenak eskatu genizkion eta erantzun zakarra eta autoritarioa jaso genuen kalearen erdian. Azkenean, denok sartu ahal izan genuen, enpresaren dokumentazioa eta gauza pertsonal ugari baigenuen barruan. Ate bat zabalik eta bortxatutako itxurarekin aurkitzea izan zen lehenengo ezustekoa; gure generadorea erabilita eta erregai-bidoiak urez beteta ikustea, bigarrena.
Gure gauzen biltze-lana ez sinistekoa izan zen. Prozesu guztia fotografiatu eta filmatu zuten gure bulegoen barruan zein kanpoan, inolako baimenik gabe. Armairuak ireki zituzten, jaso genuen guztia arakatu zuten eta ez ziguten ordenadoreak ateratzen utzi. Handik egun batzuetara jaso ahal izan genituen, beren edukia grabatuta gero, inolako epaile-agindurik gabe. Gainera, jabetu ginen Diputazioak kontrataturiko seguritate enpresak gure bulegoak okupatzen eta kanpamendu gisa erabiltzen zituela.”
2008ko abenduaren 5ean, Arabako Foru Aldundiak fiskalaren esku utzi zuen kasuaren inguruko dokumentazioa, balizko delitua iker zezan. Handik hilabete batzuetara, ikusita fiskalak ez zuela delitua salatzeko itxurarik, Diputazioak aurrea hartzea erabaki eta kereila ipini zuen Lurmen SLko Eliseo Gil eta Oscar Escribanoren eta beren laguntzaile Rubén Cerdanen aurka, iruzurra eta ondarearen kontrako kalteak egotziz.
Ildo beretik, maiatzean Euskotren enpresa publikoak eta ETS bere filialak kereila bana jarri zuten Eliseo Gil eta Idoia Filloyren aurka, iruzurra eta irudiari kalteak egotziz. Eliseori bi milioi euro eskatzen zaizkio eta Idoiari bat, epaileek ezar ditzaketen kartzela-zigorrez gain.
Ez da ahaztu behar, gainera, aztarnategia ixteak eta indusketa-baimena kentzeak Lurmen SL enpresaren ixtea ekarri zuela, eta bertan enplegu egonkorra zuten hamar pertsonak langabezian geratu zirela ezustean, egun batetik bestera.
Baina ondorio ekonomiko eta penalez gain, beren izen ona eta ohore profesionala suntsituta ikustea izan da gogorrena arkeologoentzat. Egun batetik bestera, Eliseo Gil eta Idoia Filloy arkeologo eredugarri eta saritu izatetik profesional negargarri eta iruzurgile arrunt izatera igaro ziren. Eta faltsutzearen susmagarri nagusi, gainera.
Oraindik frogatu gabe dagoenean grafito bakar bat ere faltsua dela, Eliseo eta Idoia bezalako pertsonak gaizkile arrunten tratua jasan beharra lotsagarria da guztiz. Administrazioaren jokabidea, kasu honetan Arabako Foru Aldundiarena, sumingarria izan da. Alde ederra dago Guggenheim kasuari eman zaion trataerarekin, nahiz eta han milioiak desagertu.
Espero dut luze gabe jakingo dela egia eta bakoitza bere lekuan utziko duela.
(Versión en castellano)
Gara, 2009ko irailaren 21a
Berria, 2009ko irailaren 24a